Iturriak erabiltzea

Izen horrekin, “iturriak”, informazio iturriak aipatzen dira. Normalean iturri bibliografikoak izango dira, baina egoera batzuk ere baimendu dezakete beste era bateko iturriak ere erabiltzea.

Iturriak nahitaez aipatu beharrekoak dira, horregatik -eta kalifikazioan eragiten dutelako-, ez duzu suposatu behar nola aipatu behar den; baizik eta jakin behar duzu nola aipatu behar den dena delakoa. Gainera, komeni zaizu jakitea nolako iturriak hartzen diren ontzat eta zein ez.

Nolako iturriak

Eman dezagun zu, Hizkuntzaren Didaktika ikasgaian orain dela urtebete, enteratu zinela Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala hizkuntzeko klaseetan ere kontuan hartu beharrekoa dela. Hori esateko ez duzu aipatu behar Abasolo (2024), klaseko apunteak, baizik eta aurkitu behar duzu hori Abasolok nondik atera duen, horixe irakurri, pentsatu eta aipatzeko.

-: Eta GrAL wapo bat aurkitzen badut? Argitaratuta dagoen GrALak nota ona izango du-eta.

-: Ez. Printzipioz, ez aipatu GrALik1.

Bilaketak egiteko aholkuren batzuk

Kontuan izan bilaketak egiteko orduan zehaztu behar duzula zein den zure galdera motorra, hori itzuli behar duzula datu baseen egiturara eta azkenik erabiliko duzun datu base zehatzera egokitu beharko duzu. Esate baterako:

  • Galdera: Nola eragiten du IDUak hizkuntzen irakaskuntzan?
  • Itzulpen logikoa: (“IDU” OR “Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala”) AND “hizkuntzen irakaskuntza”
  • Bilaketa datu basean:
    Scopus-en bilaketa hau egingo zenuke:
    TITLE-ABS-KEY ( "inclusive design for learning" OR "UDL" ) AND TITLE-ABS-KEY ( "language teaching" )

Eta aholku orokor batzuk:

  1. Nabigatzailean irakurtzen ari zarela, ikasi erabiltzen GoogleScholar Button. Bideo laburren batean ikusi, instalatu bide ofizialetik eta probatu. Motibo bakarra egoten da ez erabiltzeko: ulertu ez izana.
  2. Bilaketak ez egin itsuka Google-n, baizik eta zuzenean komeni zaizun datu basean, hala nola:
    • Scopus Garrantzitsuenetakoa gure inguruan. Baina EHUko sarean egon behar duzu sartzeko.
    • Web of Science Scopus bezalakoa, baina beste ikuspegi batetik. Hemen ere, EHUko sarean egon behar duzu sartzeko.
    • ERIC
    • JSTOR
    • SciELO
    • Inguma Soilik euskarazko lan akademikoak ditu, asmoa du euskaraz ekoitzitako guztia indexatuta izateko.
    • Dialnet Ikuskera espainiar zabaletik egindakoa da. Gaztelaniaz argitaratua bada, Europan zein Ameriketan, euskaraz, Hegoalde zein Iparraldean, indexatuta egongo da hor. Brasilen argitaratuak orain ere indexatzen ditu.
    • Google Scholar Hau ez da ona bere horretan. Hor daude lan onak eta nolabaiteko akademia-babesa erakuts dezakeen edozer. Aztertu behar baduzu zer idatzi den interesatzen zaizun gaiari buruz, ez ezazu erabili; berriz, aztertu behar baduzu non dagoen interesatzen zaizun artikulu, liburu, edo dena delakoa, zein ikusi nahi baduzu zein oihartzun duen lanen batek, orduan bai, erabili.
    • AI-etan oinarritutako bilatzaileak. Ordaindu gabekoen artean gehienek open moduan argitaratutakoak soilik aztertzen dituzte. Perplexity aztertzea interesgarria izan daiteke (urtebetez debalde erabil dezakezu “pro” kontua, EHUko helbide elektronikoarekin)
  3. Erabili EHUko liburutegiaren bidezko sarbidea datu base pribatuekin lan egiteko, edo VPNa etxetik sartzeko.
  4. Bilaketak zehazteko, erabili eragileak, ikus. Eranskina A — Bilaketak zorrozteko eragileak atalean.

Kudeaketaz

Erreferentzia asko erabili behar badituzu, zalantzarik gabe erabili Zotero (ez Mendeley, ez RefWorks, ez zure apunteak GoogleDocs-en). Zalantzarik gabe, bibliografiaren azterketa sistematikoa egin behar baduzu; horrelakoetarako Zotero izango da zure Victorinox-a.

Zotero erreferentzi kudeatzailearen pantaila kaptura bat

Goiko irudian ikusten da GrALetarako propio sortutako Zoteroko karpeta bat. Dokumentuak ikusten dira, horien gaineko informazioa eta oharrak eta beste. Aukeratuta dagoen dakumentuko fitxa ere nabarmenduta dago eskuineko zutabean.

Eta dena delakoa nola aipatu behar den ez badakizu, gaztelaniatik lotsagarri “euskaratutako” baliabideak erabiltzea baino hobeto: http://zbib.orgn sartu eta eskuz bete Manual Entry esaten duen hori. Ingelesaren ordez, euskara erabili and edo antzerakoak aurkitzen badituzu.

Zoterok, gainera, baditu hainbat gehigarri eragin dezaketena erabilera interesgarri asko eta asko. Hurrengo irudian ikus daiteke txinan eta txineraz idatzitako zientzia artikuluak ere azter litezkeela.

Itzultzeko gehigarri bat

Zotero erabili behar baduzu, hainbat gehigarrik erraztuko dizute lana. Nik asko erabiltzen ditudan arren, nire gomendioa da gutxienez honako hauek instalatzea:

  • Zotero Connector: Nabigatzailean instalatzen den gehigarria da (Firefox, Chrome, Edge…) horrek balio du artikulu batean, esate baterako, bazaude, klik batekin Zoteroko datu basean gehitzeko.
  • Translate for Zotero: Goiko irudian ikusi duzuna moduko itzulpenak egiteko.

Bigarren mailakoa, ibilbide akademikoan edo asko landu behar baduzu, oso praktikoa:

  • Zutilo Utility for Zotero: Zoteroko datuak garbitzeko eta antolatzeko lagungarria den gehigarria.

Eta gero beste hamaika daude: artikuluak zenbat aipamen duten erakusten dutenak, baliabideak automatikoki jaisteko balio dutenak eta abar.


  1. Zilegi izan daiteke, baina egoera batzuetan.
    Esate baterako, aztertu nahi bazenu GrALetan zein gairi ematen zaion garrantzia; hor GrALak eurak adibideak direlako↩︎