GrALari buruzko jakingarriak

Hemen zehazten dira zuk kontuan izan behar dituzun zenbait kontu praktiko, estrategia gaitasuna bitarteko, zure jarduna eraginkorragoa izan dadin.

Ebaluazioak

Zure GrALak izango ditu 3 ebaluagai, eta gutxien-gutxienik 8 ebaluazio aldi.

  • Tutorea(k) Tutore bat baino gehiago izan baduzu, tutore bakoitzak berea egingo duenez, biderkatu horiek

    • Zure lan idatzia
    • Lan idatzi horretara iristeko prozesua
  • Epaimahiak Teorian, egokituko zaizun epaimahaikide bakoitzak ebaluatuko ditu

    • Zure lan idatzia
    • Zure ahozko aurkezpena

    Berez, epaimahaiak deliberatzen duen unean, irizpideak batu egin daitezke zein ez.

Lan karga

GrAL batek 12 ECTS kreditu ditu zure alderdian.

Irakasle-tutoreok

Baldin eta zuk gainditzen baduzu, tutoreoi onartzen digute zurekin lana egin dugula; beraz, irakasle tutoreoi interesatzen zaigu ikasleok gainditzea.

GrALa defendatu eta gainditu eta gero, 5 lan ordu onartzen digute ikasturte bi beranduago. Irakasleon 0.5 kreditu da hori.

Azken horrek esan nahi du tutoreak zure lanari eskaintzen dion 5. lan ordutik aurrerako esfortzuak lan ibilbidean ez duela izango inolako errekonozimendurik. Beraz, erabat normala izango da zure lanerako inplikazioak eta gure laneko bestelako premiek zuzen-zuzenean eragitea tutore jardunean; era berean, ikaslearen partetik inplikazio gutxi ikusten duen tutoreak pentsa lezake ikasleak ez duela gainditzeko asmorik eta bere lan guztia alperrikoa izango litzatekeela.

Gomendioak:

  • Hartutako tutoretza bakoitzean eta jasotako zuzenketa bakoitzean zenbat denbora eskaintzen zaizun idatziz gorde ezazu.
  • Tutoreari ez galdetu Google, DeepSeek edo ikaskide bati galde diezaiokezunik. Bai, ordea, azaldu Googlen, DeepSeeken edo ikaskideekin jardunean zer ari zaren ikasten, tutoreak tutore lana egin dezan.
  • Saia zaitez lanean inplikazioa erakusten; horrek komunikazioa errazten du sarri.

Luzeraz

Zure lan idatziak luzera jakin batetik gorakoa ez du izan behar. Ez dio ardura, berez, zuk zer duzun esateko; ardura du epaimahaiak zenbat lan kalifikatu behar dituen eta zenbat denbora duen hori egiteko. Horregatik, epaimahaikoekiko deferentziaz (agian, beldurrez ere bai): Ez pasatu adierazitako gehienezko luzeratik.

Eman dezagun gidan1 adierazten zaizula GrALak 25 orri izan behar dituela gehienez: hobe duzu 24koa aurkeztea 26koa baino. Eta hobe 23koa 27koa baino.

Ahozko aurkezpenaren denboraz ere, beste horrenbeste: Zuk aurkezpena egiteko 15 minutu badituzu, hobe duzu 14an uztea, 16ra iristea baino. Hobea da kalifikatuko dizunak pentsatzea zalantzaren bat geratu zaiola zure aurkezpenaz –horretarako dauka berak galderak egiteko aukera gero–, txikikeriak ere azaltzeko bere denbora dagokizunetik gora erabilarazten diozula pentsatzea baino. Beraz: Ez pasatu adierazitako gehienezko luzeratik.

Lan idatziak eranskinak izango ditu. Horra zer gehitu dezakezun baloratu behar duzu.

Ahozko aurkezpenak galderak egiteko tartea du. Funtsezkoa den zerbait kanpoan utzi behar izan baduzu, iradoki dezakezu amaieran horren garrantziaz jabetu zarela eta luza zintezkeela epaimahaikide ohoregarriok hala komeni dela uste balute.

Lanaren egiletzaz

Hemengo kapitulu batean azaltzen zaizu zer erabiltzen dudan zure idazketa prozesua gainetik aztertzeko. Labur esanda:

  • Nirekin partekatutako dokumentu batean idatzi behar duzu. Ez dut baloratuko soil-soilik ikasleek zer erakusten didaten, horretara zelan iritsi diren ere baloratuko dut.

  • Baldin eta nolabaiteko emaitza gordinak erabili behar badituzu zure lanean, emaitzok jasotako unean nirekin ere partekatu behar dituzu. Galdetegiren bat sortzen baduzu, horretarako sarrera eta edizio baimenak nirekin ere partekatu behar dituzu.

AIren sasoi honetan, 👮‍♂️/👮‍♀️ jarrera ez akademikoegi hau hartzea erabakitzen dut nik, denbora laburregian erabilera desegoki gehiegi sufritu dudalako.

-: Horrek esan nahi du AI (Aparatu Idazlerik) ez dela inondik inora erabili behar? –Hau da, topatu behar dela nola lortu nik ez igartzea horren erabilera–

-: Ez. Gaur badakit gehienek erabiltzen dutena. Bai eta gehiegik erabilera ganorabakoa egiten dutela ere. Ondo erabiltea dago: hala erabili, erabiltzekotan.

Mintegiren batean AI-ren inguruan jardungo dugu eta, agian, hona kapitulutxu bat gehituko dut.

Gehitua dago hemen: Aparatu Idazleak (AI) eta horien erabileraz


  1. Begiratu ezazu zehazki nola dagoen zehaztuta GrALerako aurtengo gidan↩︎