Orraztu beharrekoak dira erreferentziak
Erreferentziak ondo egotea ere kalifikatzen da eta oso lanpetuta egoten diren epaimahaikoen artean normala da bat edo batek begiratzea oso zorrotz erreferentziei, zer esana izateko ez bada ere.
Beraz: oso-oso komenigarria da zer esanik ez ematea. Tontokeria batek puntuak kentzea ez eragiteko.
- Begiratu beti ea artikuluak esaten duen nola aipatu behar den.
- Ez ipini zuzenean zuok sartzeko erabilitako URLrik, askotan ez dira zuzenak.
- Zalantza badaukazue nola aipatu bat edo bat, eskuz sortu hemen: zbib.org eta esan APA7th nahi duzuela.
Benetako adibide bat
Orain bai, nire ustez oso lan polita asko itsusten duen Erreferentzi tarteari egurra emango diot irakasle mahaikide txungo-mala-ondaren 👊 papera hartuta.

Irudian markatuta daude zortzi erreferentzia, agian, gaizki idatzitakoak. Adibideok erabiliko dira horrekin eztabaidatzeko.
Erreferentzietako elementu batzuk horiz nabarmenduta daude. Horiek dira lehenengo begiradan zer eztabaidatu egon daitekeela erakusten didana. Puntuka azalduko dira.
Honela birpasatu behar duzue.
Lehenengoa
Nabarmenduta dago download hitza URLan. Hori nahiko seinalea da jakiteko hori ez dela erreferentziak atalean aipatzeko URLa; hau da, okerren bat dagoela ematen du.
Zelan egin bilaketa:
- Aukeratu artikuluaren izena eta eman GoogleScholarButton botoiari
- Aurkituz gero, aukeratu bertsio guztiak ikustea eta klik egin
- Bertsioetan saiatu aurkitzen zientzia aldizkarikoa bera, GoogleScholar barruan izango da hori, aurreko estekak horra eramanda
- Aurkituz gero, begiratu nola dioten egileek edo argitaratzaileek aipatu behar dela.
- Aurkitu badut, hori erabili. Kasu honetan aldaketa nagusia URLa da. Ikaslearen jatorrizko helbide luze eta okerra DOI batekin ordezkatu behar da.

Aurreko irudian geziak seinalatzen du “All 3 versions” testua. Horretan klik eginda, artikuluaren bertsio guztiak ikusiko ditugu. Oso litekeena da hiruretako bat artikuluaren weborria bera izatea.

Estekaren gainean kurtsorea ipinita (klik egin barik) irakur daiteke nora daraman esteka horrek. Irudiko kasuan ikusten da artikuluaren aldizkaria “Polo del conocimiento” dela (estekaren azpian gris argiz eskumatan. URLa beheko ezkerreko ertzean irakur daiteke, hor ikusten da https://www.polodelconocimiento.com/ojs/index.php...1. Ematen du artikuluaren weborria bera dela.)
Horretan klik eginda hurrengo weborrira joan gara:

Artikuluaren web orri honek aukera ematen du hainbat eratara sortzeko erreferentzia. Guk APA7th nahi dugunez, horixe eskatu diot eta gaineko pop-up leihotxoan ikusten da. Nabarmenduta agertzen da, gainera, zein URL izan behar zuen erreferentzia horrek. DOI kodea da. Ez ikasleak jatorrizko lanean berak irakurtzen erabilitako esteka hura. ❌
Bigarrena
Honetan susmagarria egiten zait IZENBURUA OSORIK AGERTZEA LETRA LARRIZ. Horregatik lehen azaldutako sistema bera erabilita, jatorrizko artikulua bilatu dut …
… eta aurkitu dut aldizkarian ere hala agertzen dela. DENA LETRA LARRIZ… eta hori zuzena ez den arren, ikasleari bakean utzi behar zaio ✅.
Hirugarrena
Prozesu berbera erabilita artikulura iritsi naiz. Bertan ikusten dut ez duela serioegia ematen artikuluak. Gainera, aldizkariaren izenburua ez du ipini letra etzanaz. APA arauak direla eta zerbait esateko daukat defentsan. ❌
🕯Hobeto izango zen ez ipintzea URL kantoso hori.

Laugarrena
Prozesu berberarekin aurkitu dut egileek esaten dutela handle hori erabiltzeko. Eta, liburuko kapitulua denez, esan behar zukeen zein den azken orria eta nortzuk diren editoreak, egilea bera ez bada. Eta ez da. ❌
Eta argitaletxea ez du aipatu ❌.
Bosgarrena
Prozesu bera eginda aurkitu dut aldizkariak baduela handle bat… baina ez dabil, Venezuelakoa delako 🇻🇪, agian ✅.
Hobeto sospetxak kendu eta URLa kentzea kasu honetan.
Seigarrena
Prozesu bera jarraituta, liburu pirata 🏴☠️ batera iritsi naiz 😱😱😱 ❌❌❌.
Eta argitaletxea txarto idatzita dagoela ere ikusi dut ❌.
Hobeto URL hori kentzea
Zazpigarrena
Prozesu bera jarraituta. Beraz ez du eman ondo URL eta ez ditu erabili ondo formatuak (letra etzana…) ❌❌.

Zortzigarrena
URLa bera GoogleBooksekoa da. Hori ez da zuzena ❌.
Laburki
❌❌❌❌❌❌❌❌ Vs ✅✅
Nik bilaketa errazak eginda oso erraz eman ahal diot egurra ikasleari, lan ona ala txarra egin duen gehiegi aztertu gabe. Eta bene-benetan, lan ona egin du adibideko ikasle horrek, baina dagoen moduan itsusi erakuts dezake irakasle-txungo-malaondak.
Erreferentziak direla eta gaurko ebaluazio errubrikekin (2025ekoekin) puntuak hartu edo galtzen dira tutorearekin toki bitan eta epaimahaian beste behin… (bider hiru epaimahaikide). Beraz, lan erraz hau egitea merezi du, nahiz eta nekosoa eta zentzu gabea dela sentitu.
Hor ere ikusten da “ojs” testua. OJS, Open Journal System, aldizkari akademikoen weborrien sistema bat da. Horrek ere esaten dit zientzia aldizkari baten webguneaz ari naizela.↩︎